Kobid19

Zer moduz zaude? Itxialdian gaudenetik zenbat aldiz galdetu diozu hau zeure buruari? Badakizu nola zauden? Sentitu egiten zara? Zure gorputzari entzuten al diozu?

Nora begiratzen dute zure begiek, zure barrura edo kanpora? Eta zure ekintzak, pasibotasunerantz edo jarduerarantz zuzentzen al dira? Bi mutur horietako batera joz gero, bidea irekitzen diozu sufrimenduari. Hala ere, bien artean bazabiltza, orekan egongo zara eta, beraz, bakea eta lasaitasuna sentituko dituzu, baina ez etengabe. Nahiz eta hilabete hauetan, neurri handiago ala gutxiago batean, PERTSONA GUZTIOK ziurgabetasunean, antsietatean edo larritasunean eta beldurrean bizi izan gara.

Pertsona bakoitzak galeraren doluminetik babesteko eta egoerari aurre egiteko modu bat edo bertze erabiltzen ari da. Bai, doluaz eta galeraz ari naiz, dolua baita min ematen digun guztiaren aurrean agertzen den erantzun naturala eta gizatiarra, errealitate berri batera egokitzeko prozesu normala baita. Bitxia? Orain azalduko dut: atzean utzi dugu ezagutzen genuen bizimodua, “Normaltasuna”, 2 hilabete eman ditugu etxean giltzapetuta, eta, gainera, nahitaez gure gizarte-harremanetatik eta gizarte-bizitzatik aldendu behar izan gara, maite ditugun pertsonengandik bereiztuz, askatasuna galdu dugu, eta, azken batean, gure bizitza. Eta oraindik horretan gaude.

Itxialdiko hilabete hauetan gauza aunitz egiteko gaitasuna galdu dugu, hala nola, etxeko lau hormetatik haratago mugitzeko eta jarduera fisikoa egiteko, eta hori guztia pilotu automatikoan, zeregin anitzetan murgilduta eta estresatuta bizi garen garai honetan, ez baikara denetara iristen eta gainera honi gehitu behar zaio, orainetik nahiko deskonektatuta gaudela.

Bat-batean bizitzaren egoerak, naturak, geldiarazi egin gaitu.

Danba!

Itxialdian azaleratzen ari dira aurretik jabetzen ez ginen baina murgilduta geunden gainaktibitate fisikoa eta mentala, gainaktibazio fisiologikoa eta ezegonkortasuna, bizitzaren eginbeharrek estali egiten zituztelako edo hauen existentziatik aldentzen gintuztelako.

Koronabirusak guztioi eragin digu, baina egia da beren lanbideagatik lehen lerroan lan egiten duten pertsonek, kobid 19aren pazienteek edo lanik ezaren ondorio ekonomikoak jasaten ari diren pertsonek bertze errealitate mota bati egin behar diotela aurre gainerako biztanleekin alderatuta, ez baitute inor arriskuan, kutsatuta edo hilda ikusi. Horregatik, errealitatearen bizipena desberdina da pertsonen artean, eta, beraz, zorigaitzaren onartzeak, aurre egiteek eta abian jartzen dituzten babes-neurriek ez dute zerikusirik izango.

Hau da, batzuek ez dute sentitzen doluan daudenik, ez zaielako suertatu hurbil hurbiletik bizitzea gertatutako heriotza guztiak (eta asko dira, gehiegi) edo pobreziaren ehunekoa, zenbakiak bertzerik ez direlako, eta ez giza bizitzak. Ezer gertatu ez balitz bezala egiteak edo mina/ondoeza saihesteak ez du laguntzen, garunari ez baitio uzten gertatutakoa integratzea eta prozesatzea. Hori da benetako arriskua; horregatik zer gertatu den jakin behar dugu, zer gertatzen zaigun, gure blokeo fisiko eta/edo emozionalez jabetzea, enpatizatzea eta gizatasun partekatu eta errukiorra sortu behar dugu, horrela honen bidez, elkarrekin aterako gara, elkarri lagunduz.

Edozein dolu-egoeratan bezala, zenbait fase igarotzen ari gara:

1. TRAUMA: Zure aurre egiteko gaitasunak gainditzen ditu. Aktibazio somatiko handia dago. Ez duzu egoera kontrolatzen eta honek gainezka egiten dizu.

2. UKAPENA: Fase honetan, gertatzen dena edo zaiguna ahaztu beharra daukagu, arreta galtzearen edo sortzen zaizkigun emozioak ez sentitzeko beharra daukagu, jantzi babesle bat sortuz eta norberarengan ipiniz. Normalean, fase honetaz ez gara kontziente izaten.

3. INTEGRAZIOA: Errealitatea eta harekin batera doazen emozioak onartzea eta integratzea.

4. HAZKUNDEA, ERALDAKETA ETA errealitate berri baterantz doan IKASKUNTZA. Nortasunean aldaketa bat ematen da, bai bakoitzaren harremanetan nola bizitzaren zentzuan.

GOGORATU, DENA ONDO DAGO. DENA PASAKO DA.

Burua milara doanez, etorkizunera ala iraganera bideratutako pentsamenduak sortuz, bere espezialitatea baita, hemen aholku batzuk utziko dizkizut ur bizi hauetan egokien igaro ahal izateko:

  • Presentzia. Sentitzen duzuna sentituz, onartuz, aldatu nahi gabe eta desberdina izan dadin bilatu gabe, sentitzen duzuna ondo baitago. Hemen dagoena eta Oraina bizitzen. Itxialdiak gelditzera behartu gaitu, geneukan bizitza azkarra etetera, non bizitzaren fase eta ziklo naturaletatik oso deskonektatuta geunden.
  • Kontzientzia. Zer erran nahi du horrek? gizakiak kanpotik eta/edo norberaren buruarengandik datozen arriskuetatik babesteko eta hauetatik defendatzeko, daukan ukazio mekanismoa ez zarela erabiltzen ari. Mekanismo hori positiboa izan daiteke baina ez erabat, begietan zapi batekin bizitzea bezala baita. Errealitatea ukatuz lortzen duzun bakarra da hau zure atzetik ibiltzea, zure itzala balitz bezala edo are okerrago, birusa hainbesterako ez dela pentsatzea edo hemen ia eraginik ez daukala pentsatzea, eta, beraz, zu eta bertzeak babesten zaituzteten beharrezko prebentzio-neurriak erabili gabe ibiltzea.
  • Zeharkatzea. Ziurgabetasun etengabean bizi garenez, beldurrak hartzen gaitu, eta horregatik, zeharkatu beharreko alerta egoera bat sortzen digu. Emozioei aurre egiteko hauek sentitu behar dira lehenik, ondoren askatuak izateko, baina inoiz ez ukatuak. Beldurrari aurpegira begiratzean ausardian bihurtzen da (G. Nardone), beraz, hau da hemendik aurrera daukagun erronka.
  • Maitasuna. Nork bere burua zaintzea funtsezkoa da; zaintzen bazara, emozionalki eta mentalki indartsu egongo zara, beraz, gero bertzeei lagundu ahal izango diezu. Hala ere, zure burua lehenesten ez baduzu eta zaintzen ez baduzu, estresa eta larritasuna agertuko dira, eta, azkenean, ondoeza. Fida zaitez zutaz, zure baitan hautematen duzunaz, hori da zure babeslekua eta abiapuntua.
  • Eraldaketa. Txinatarrek dioten bezala, krisi oro hazteko eta berrasmatzeko aukeran bihurtzen da, bizitzan geldirik ez baitago ezer, eta birusak bizitzan deus ez dela iraunkorra gogorarazten digu. Egoera honen ondorioz, egokitzapena eta hazkundea edo sufrimendu psikologikoa eta/edo fisikoa, gaixotasuna eta heriotza agertuko dira. Esaerak dioen bezala: berritu edo hil. Doluak astindu ederra ematen dio norberaren bizi-zentzuari, eta, horregatik, une egokia da gure sinesmen eta balioak, bakoitzaren lehentasunak, errutinak eta, oro har, bizitza zalantzan jartzeko eta birplanteatzeko. Zugan aldaketa sakonak gertatzen ari direla sentitzen baduzu, doluaren ondorioz da eta guztiz naturala da, egoera hau eta gero, ez baitzara izango lehen zinena. Desberdina izango zara eta ondo egongo da, aldatu egin baitzara.

Geldialdi honek, barrura begiratzera behartu gaitu, honela, pertsona bakoitzaren espiritualtasuna azaleratuz, baina honek ez du erlijioarekin zerikusirik, nahiz eta pertsona gehienek uste duten lotuta daudela edo ezin direla egon bata bertzea gabe, baina hau ez da egia, lotuta edo bananduta egon daitezke, pertsonen erlijio-sinesmenen arabera izango da alegia.

Espiritualtasunak identitate askoz zabalago bati egiten dio erreferentzia, pertsonatik haratago doanari, eta, beraz, ezaugarri hauek barne biltzen ditu:

  • Transzendentzia eta galdera existentzialak, hala nola: nor naiz edo norantz bideratzen dut nire bizitza? Gure bizitza berriz ebaluatzeko eta birbideratzeko garaia da, agian gure beharrak eta lehentasunak aldatu baitira.
  • Zure buruarekin erabateko kontzientzian egotea, eta inguratzen zaituenarekin, munduarekin, naturarekin, animaliekin eta, oro har, gizakiarekin elkartzea, batzea eta lotura sortzea.
  • Bizitzaren esanahia eta zentzua.
  • Gure senarekin bizitzea, mundu partekatu baten barruan errukiorrak eta esker onekoak izatea.

Norberak bizitako gertakizunak hori bertzerik ez dira, egoerak, aldiz, hauei ezartzen dizkiegun pentsamendu eta emozioak dira gure oraina eta etorkizuna baldintzatuko dituztenak, hau da, DENA, gure interpretazio, elkarrizketa eta baliabide psikologikoen araberakoa izango da. Beraz, gogoratu: egoerak gainezka egiten dizula sentitzen baduzu, zuretzat gehiegizkoa dela edo ez dakizula bertze modu batera kudeatzen nabaritzen baduzu, laguntza psikologikoa eskatu.

Munduan denok gaude dolu prozesu honetan, horregatik orain gure pentsamenduei, emozioei, pertzepzioei eta erreakzioei lekua egiteko unea da, beraz, askatu eta askatu beharreko garaia da.

Alessandro Salvinik dioen bezala: bakoitzak gero pairatzen duen errealitatea eraikitzen du.

Call Now Button